XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

HERRIZAINGO SAILA

168/1998 DEKRETUA, uztailaren 21ekoa, Euskal Herriko Poliziak toki publikoetan bideokamerak erabiltzeko baimenen eta haien erabileraren erregimena, abuztuaren 4ko 4/1997 Lege Organikoan arautua, garatzen duena.

Segurtasuneko Indarrek eta Kidegoek toki publikoetan bideokamerak erabiltzea abuztuaren 4ko 4/1997 Lege Organikoaren bidez arautu da.

Lege horretan adierazi da polizi indarrek nola erabili behar dituzten irudiak eta soinuak grabatzeko sistemak bide eta gune publikoetan, aurrearretazko helburuetarako eta bake publikoa eta herritarren elkarbizitza bermatzeko.

Lege Organiko horrek, ordea, ez ditu jasotzen polizi jardunean irudiak grabatzeko aparatuen balizko erabilera guztiak; gune publikoetan herritarren segurtasuna zaintzea xede duten erabilerak baino ez ditu barruan hartzen.

Lege horretako arauek, euren ezarpen-eremukoak diren polizi jarduketei dagokienez, argiro adierazten dute legezkotasunaren printzipioa, eta aldi berean herritarrentzako bermeen erregimena osatzen dute.

Goian aipatu dugun Lege Organikoaren gehigarrizko lehenengo xedapenean badago zaintza-klausula bat, zenbait autonomia erkidegok, Euskal Herrikoa tartean, pertsona eta ondasunen babesaren arloan dituzten eskurantzak zaintzeko.

Horren arabera, autonomia erkidegook behar beste xedapen eman ahal izango dituzte ondoko hauek arautzeko: euren polizi indarrei eta euren lurraldeetako toki korporazioen menpe dihardutenei bideokamerak erabiltzeko baimena ematea, bideokameren erabilera, grabazioen zainketa, grabazioei ezartzen zaien xedearengatiko erantzukizuna, eta grabazioak eskuratzeko edo baliogabetzeko eskaerak.

Dekretu honetan Lege Organikoaren zenbait alderdi garatuko dira, hark ezarri duen baimen, erabilera eta berme erregimena gauzatu ahal izateko osatu behar diren alderdiak, hain zuzen.